XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ur-eritasunak itsusitutako andere batek, gaiso-etxeko gorputz hilen gordeguan ikusi nuena bera, bere aurpegi borobil eta atabal larrua bezain legunaz begiratzen zidan; irripar zegidan batzutan, eta berehala, bere behatz ur handituekin, sabelean zeuzkan mantxa berde batzu erakusten zizkidan.

Nere begien aurretik aurpegi zorrotz eta begitarte hotzeko gizonak igarotzen; hauek dena aho, beste horiek dena belarri bihurturik.

Buru bat, Disekzio gelan disekatu nuen bat, hain zuzen, inguruan zebilkidan jiraka, erle baten gisa burrunbaran...

Ke zirimola beltzek ilundu zuten zeru muga; Jainkoak kolore beltzez pintatu zuen zerua eta ikatz koloreko zeru sapaiean izar batzu ñir ñirka hasi ziren, dardar ixilean.

Zeru lurrari mintzatu nintzaion bere agerpenak hutsal eta absurdo zirela erakutsi nahiez; baina nere deadarrak itzaldu egiten neronek entzutera iritxi gabe.

Zapo beltz bat, ordurarte gordeta egon zen bat, agertu zen nere begien aurrean, bizkarrean izar distiragarri bat zuela, eta ziztu goibel eta gozoa iaurti zuen gauean.

Ziztuaren hotsera mila murmurio igo ziren lur barrenetik; haizea urrutian uluka hasi zen, adaburuetatik orro beldurgarria zabaldu zen.

Nere inguruan jiran zebilen burua zahunka hasi zen, eta bere aho zulo artetik paisaje guztia ikusten nuen; anabas hura gero eta handiago egiten ari zen, nere ondotik beldurgarrizko lokomotorak igaro ziren txispa iaurtika eta karraska bizian eta honen ondotik ikaragarrizko suge tzarrak nere belarritara xiztuka.